Biderkatu*
Borondatezko ekarpenak iraupen-epearekin

Zer dira iraupen-epea duten borondatezko ekarpenak?
Coop57 finantza-zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba bat da, herri-aurrezkia biltzen duena ekonomia sozial eta solidarioko proiektu eraldatzaileen finantzaketara bideratzeko. Aurrezki hau kooperatibaren kapital sozialari egindako ekarpenen bidez lortzen da batez ere.
Coop57ren kapital sozialari egindako ekarpenen helburua kooperatibari baliabide ekonomikoak ematea da, bere finantza-jarduera kolektiboki ezarritako irizpide etiko eta sozialen arabera garatu ahal izateko. Ekarpen hauei esker, Coop57k jasotzen dituen ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen finantzaketa-eskaerei erantzun ahal die.
Kapital sozialari egindako ekarpenek ez dute epemuga-datarik, baina bazkide bakoitzak egoki deritzonean eska dezake itzulketa.
Coop57 kooperatibak hainbat ekarpen mota ditu kapital sozialerako, izaera eta baldintza desberdinekin.
- Nahitaezko ekarpenak
Pertsona edo erakunde orok Coop57ko bazkide izateko egin behar dituen ekarpenak dira. Itzulketak bazkide modura baja ematea dakar. - Borondatezko ekarpenak
Derrigorrezko ekarpena egin ondoren, bazkide orok borondatezko ekarpenak egin ahal izanen dizkio kapital sozialari. Gaur egun, Coop57 kooperatibak borondatezko ekarpenen 3 tipologia ditu:- Borondatezko ekarpen galdagarriak. Coop57k bere bazkideengandik aurrezteko erabili duen ekarpen-tipologia nagusia da. Edozein unetan harpidetu daitezke, eta edozein unetan ere eska daiteke itzulketa. Itzulketa berehalakoa da, eta ez dakar inolako kenkaririk sortutako ordainsarian.
- Funts propioetarako borondatezko ekarpenak. Bere helburua Coop57ren funts propioak indartzea da. Emisio-aldi itxietan harpidetu daitezke (gaur egun, ez dago emisio irekirik). Itzulketa Kontseilu Errektoreak onartu beharko du, organo honek baldintzarik gabe atzera botatzeko aukera izanen baitu. Itzulketa aldez aurretik ezarritako epeetan eska daiteke; itzulketa gutxieneko epe bat baino lehen eskatzen bada, ez da ordainsaririk jasoko.
- Iraupen-epeko borondatezko ekarpenak. Nolabaiteko egonkortasuna izanen duen aurrezki solidarioa sustatzea du helburu. Horregatik, 2 urteko iraupen-epea dute. Edozein unetan harpidetu daiteke, eta edozein unetan ere eska daiteke itzulketa. Berehala itzultzen da, baina hasierako 2 urteko iraupen-aldian bada, ez da jasoko uneko urteko ordainsaria.
Iraupen-epea duten borondatezko ekarpenen azken tipologia hau da abian jartzen duguna gure bazkideei eskaintzeko Coop57n aurrezteko aukera gehiago.
Zergatik Coop57k abian jarri du ekarpen-tipologia berri hau?
Coop57ren eginkizuna ekonomia eta gizartea finantza-jardueraren bidez eraldatzen laguntzea da.
Azken urteotan, Coop57k kreditu-jarduera bizia garatu du ekonomia sozial eta solidarioa eraldatzen duten proiektuen finantza-beharrei erantzun ahal izateko. Kreditu-jarduera hau gure bazkideek kapital sozialari egindako ekarpenei esker gauzatu ahal izan da, finantza-eredu kooperatibo autogestionatu baten bidez.
Kreditu-jarduera honek mailegu berriak emateko baliabide erabilgarriak murriztu ditu. Hurrengo grafikoak maileguen saldo biziaren bilakaera erakusten du (emandako maileguetatik itzultzeko dagoen zenbatekoa), ekarpenen saldoaren bilakaerarekin lotuz.
Emandako maileguen hazkundea ekonomia sozial eta solidarioaren dinamismoak berak eragin duelako da: gero eta proiektu gehiagok jotzen dute Coop57ra beren jarduera finantzatzeko. Gainera, proiektu hauetako asko hazten ari dira eta zenbateko handiagoko maileguak behar dituzte. Kontuan izan behar da, halaber, azken urteotan funtsezko tresna izan garela oso epe luzera amortizatu beharreko inbertsio-bolumen handiak behar dituzten ekimenak finantzatzeko, hala nola erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibak, energia berriztagarrien proiektuak edo ekonomia eraldatzaileko espazio propioak sendotzeko lokaletan egindako inbertsioak.
Ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen finantza-premiei erantzuteak dakarren mailegu-saldoaren hazkundea onartzen jarraitu ahal izateko, ekarpenen bolumena handitu beharra dugu. Eta, helburu hau lortzeko, borondatezko ekarpenaren tipologia berri hau gaituko dugu, iraupen-epearekin, gure bazkideei aukera gehiago eskaini ahal izateko haien aurrezkiak Coop57ri emateko, eta aldi berean, gure baliabideen beharrak hobeto betetzea ahalbidetuko diguna.
Itzulketa
Edozein unetan eska daiteke itzulketa.
Itzulketa iraupen-epearen aurretik eskatzen bada (2 urte), uneko urteko ordainsariaren %100eko penalizazioa aplikatuko da.
Bermeak
Coop57ren kapital sozialerako gainerako ekarpenen antzera, iraupen-epea duen borondatezko ekarpenaren tipologia berri hau Coop57ren ahalmen ekonomiko eta finantzarioak berak babesten du.
Coop57k finantza-jarduera bat garatzen du zerbitzu-kooperatiba modura. Ez da banku bat, eta, beraz, ez du Espainiako Bankuaren Gordailuak Bermatzeko Funtsaren estaldurarik.
Coop57 kooperatibak hainbat mekanismo antolatzen ditu bazkideen ekarpenak bermatzeko:
- Soberakinak erreserbetarako bakarrik erabiltzen ditu.
- Finantzaketa jasotzen duten erakundeei eskatzen die kapital sozialari ekarpen gehigarriak egiteko, funts solidario bat elikatzeko maileguak bermatzeko.
- Urtero, hornidurak ahalik eta gehien zuzkitzen ditu izan litezkeen ez ordaintzeetarako.
- Bazkide den erakunde batek jaso dezakeen maileguaren gehieneko muga zedarritzen du, eta horrela arriskua banatzen du (gehienez, erakunde batek ezin du maileguetan Coop57k dituen baliabideen %2 baino gehiago jaso).
- Hainbat erakunderekin akordioak egiten ditu arriskuak partekatzeko eta emandako maileguak bermatzeko (Europako Inbertsio Funtsa, Elkarren Bermerako Sozietateak, Administrazio Publikoak, Fundazioak eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko beste erakunde batzuk).
- Lokalak eta etxebizitza sozial eta/edo kooperatiboko proiektuak finantzatzen direnean, higiezinaren jabetzaren edo azalera-eskubidearen gaineko hipoteka-bermeak erabil ditzake.
Coop57 modu demokratiko eta parte-hartzailean kudeatzen den kooperatiba bat da, eta mekanismoak artikulatzen ditu bazkideek beren egoera ekonomikoa behar bezala eta une oro ezagutu ahal izan dezaten eta erabakiak hartzerakoan kolektiboki parte hartu ahal izan dezaten.
Kapital sozialari egindako ekarpenen beste tipologia batzuekiko aldeak
Hurrengo taulan, Coop57ren kapital sozialerako ekarpen desberdinen tipologien arteko aldeak ageri dira.
Harpidetza, ordainketa, egiaztapena, ordainsaria eta itzulketa
NOLA HARPIDETU DITZAKET EKARPENAK?
Alboko web inprimakia betez.
Bulego Birtualaren bidez, "Eskaerak" menuan, "Iraupen-epea duen ekarpen berria" hautatuz.
NOLA EGITEN DA ORDAINKETA EKARPENAK HARPIDETZEKO?
Ekarpena honela ordain daiteke:
• Banku-helbideratze bidez.
• Banku-transferentzia bidez.
• Borondatezko ekarpen galdagarrietatik Coop57 sozietatearen kapitalera aldatzeagatik.
NOLA EGIAZTATUKO DIRA EKARPENAK?
Irekitze-ziurtagiri baten bidez, indarrean dauden baldintzekin, hilabeteko epean egonen dena eskuragarri Bulego Birtualean. Ziurtagiri hau eskuragarri ez dagoen bitartean, ekarpenak egin dituzten pertsona guztiek eskaeraren egiaztagiri bat izanen dute, ekarpenaren baldintzen xehetasunak jasoko dituena.
Gerora egindako ekarpenak bulego birtualean kontsultatu ahal izanen den laburpenaren bidez egiaztatuko dira.
NOLA ORDAINDUKO DA ORDAINSARIA?
Ordainsaria borondatezko ekarpen galdagarri gisa metatuko da. (atxikipen fiskala deskontatu ondoren)
Ekarpenak iraupen-urtea betetzen duenean ordainduko da ordainsaria, eta hile bakoitzeko 15ean ordainduko da, hilaren 10a baino lehen harpidetutako ekarpenetarako.
NOLA ESKATU BEHAR DA EKARPENEN ITZULKETA?
Bulego Birtualaren bidez, "Eskaerak" menuan, "Ekarpenaren itzulketa iraupen-epearekin" hautatuta.
Fiskalitatea eta gardentasuna
Iraupen-epea duten borondatezko ekarpenen ordainketa kapital higigarriaren etekintzat hartzen da, eta atxikipen fiskalari lotuta dago ( %19 gaur egun). Ohikoa denez, zerga-araudia zorrotz eta garden betez, Coop57k ehuneko hori atxikitzen du, agintaritza fiskalari ordaintzen dio eta dagokion ziurtagiria ematen du, zerga-aitorpenen zirriborroetan erantsita geratzen dena.